IGOR SUSAETA
Asturieraren sustapenerako eta erabilerarako legeak 20 urte bete zituen aurreko hilabetean. Asturieraren ofizialtasuna defendatzen dutenentzako, dena dela, legea motz geratzen da. Xose Candel (Valdes, 1964) XPDLLA Xunta Pola Defensa de la Llingua Asturianako kideak adibide bat jarri du: «Eskubide batzuk ez daude aitortuta: administrazioan asturieraz hartua izatea, esaterako». Xose Anton Gonzalez Riaño Asturiar Hizkuntzaren Akademiako presidentearen esanetan, legeak, berez, ahalbidetzen duena garatzeko politikak «oso epelak» izan dira. Bai, alfabetizazioari dagokionez lorpenak izan direla dio, eta egun asturiarren %25 gai dira asturieraz hitz egiteko, idazteko eta irakurtzeko. «Asturiasen inoiz ez da egon halako kopururik». Kontuan hartu behar da, gainera, biztanleria osoaren erdia baino gehiago dela ulertzeko eta hitz egiteko gauza. Baina herritarrei asturieraren balizko ofizialtasunaz galdetzen zaienean, hizkuntzak duela hamazazpi urte zuena baino babes txikiagoa dauka: 2001ean %60tik gora ziren alde zeudenak, eta iaz %53.
«Badago hizkuntza gutxituen aurkako desprestigio kanpaina bat, eta horrek bere eragina dauka», arrazoitu du Candelek. Baditu, ordea, baikorra izateko motiboak. Asturiera hizkuntza ofizial bilakatzeko, Asturiasko Estatutua erreformatu behar da, eta horretarako «abagune politikoa» egokia dela iruditzen zaio. Gutxiengoan bada ere, PSOEk agintzen du Asturiasko Parlamentuan, eta estatutua erreformatuz gero ofizialtasunaren alde egingo dutela onartu zuten sozialista asturiarrek, haien azken kongresuan. Gonzalez Riañok argi dauka. «Edo hartzen dira kultura eta hizkuntza babesteko neurriak, edo hizkuntza salbatzen ez badugu, Asturias paisaia besterik ez da izango».
(more…)
Read Full Post »